Durangaldean xarma handia duten auzo asko eta asko ditugu. Hauen artean film batetik ateratako lekurik balego, hau Atxondoko Axpe auzoa izango litzateke. Auzo txikia da Axpe. Bertatik Anboto, Larrano, Alluitz eta Aitz-Txiki ikus ditzakegu. Kareharrizko haitz ikusgarri hauek ikuspegi paregabea eskaintzen diote Axpeko auzoari.
Axpe baserriz osaturiko auzoa da. Landa, muino eta mendi artetik, arro altxatzen diren antzinako baserri ederrak, egurrez eta harriz eraikitakoak. Mendez mende familien atseden gune eta sendien lotura izan direnak.
Toki magikoa da Axpe, euskal mitologiaren kondairen inspirazio gune. Axpe auzoan San Juan Bautista baseliza dugu, berpizkundeko plateresko estiloduna. Normalean itxita egoten da, meza momentuan ezik. Hala ere, kanpotik ikustekoa da. Eraikin ederra baita zinez.
Gastronomia eta Axpe auzoa erabat loturik daude. Bertako baserrietan baserriko produktu gozoak ekoizten dira: barazkiak, fruituak, oiloak, arrautzak, behikiak, besteak beste. Gainera, Axpe auzo txikian Durangaldeko jatetxerik onenetakoak topatuko ditugu metro gutxien bueltan: Asador Etxebarri erretegia, Akebaso Jatetxea eta Mendi Goikoa Hotela eta Jatetxea.
Bertan mendiko bizikleta, xendazaletasuna eta mendiko ibilbideak praktikatu ditzakegu.
Axpek merezi du bisita bat baino gehiago.