Kalabaza krema

Kalabaza krema oso plater erraza eta osasungarria da. Udazkeneko eta neguko hotzei aurre egiteko errezeta egokia. Kalabaza barazki antioxidatzailea da. Kolorea laranja bizia du. Betakarotenoz blai diren gainerako barazkiak bezala. Gainera, C eta E bitaminak erruz ditu. Kalabaza sarri janez gero gorputza garbitzen eta odolaren azukre maila egokitzen lagunduko digu. Antura-kontrako elementuak ditu kalabazak eta urdaila babesten du.

Kalabaza gordinik zein krema eginda erraz gordetzen da izozkailuan.

Errezeta hau Juantxu Larruzea sukaldariak erakutsi zigun Garaiko sukaldaritza ikastaroan, 2011ko abenduan, Otea-Loran txokoan antolatu zena.

Argazkiak bertan ateratakoak dira.

Osagarriak

  • Kalabaza kilo bat
  • Tipula txuri handi bat
  • Porru erdia (zati txuria)
  • 2 azenario
  • Patata 2 edo arroz eskukada bat
  • Gatza
  • Olioa
  • Ura edo barazki salda

  • Zailtasuna Erraza
  • Denbora 50 minutu
  • Anoak 6



Pausuak

  • 1. 
    Kalabaza zuritu, garbitu eta kubotan zatitu. Tipula, azenarioa, porrua eta patata zuritu. Lapiko handi batetan oliba olioa 4 koilarakada bota. Olioa epeltzen denean txikitutako tipula, azenarioa, eta porrua gehitu. Su txikian barazkiak sueztitu.
  • 2. 
    Barazkiak egiten direnean, kalabaza eta patata gaineratu. Hauek ere barazkiekin batera sueztitu, koilara bategaz mugitzen noizean behin.Kalabaza eta patata apurĀ  bat sueztitzen direnean, ura gehitu. Guztia nahastu eta utzi egosten 40 minutu su baxuan.
    Patata botatzen zaio kremak gorputza har dezan. Patataren ordez, arroz eskukada botako diogu nahi izanez gero. Modu honetan krema sendoagoa aterako da.
  • 3. 
    Kalabaza krema gatzaz eta piperraz ondu norberaren gustora.
    Krema irabiagailuaz birrindu. Krema iragazkitik pasa fin-fina geratzeko.
    Bukatzeko eta nahi izanez gero, olio oliba gordina koilarakada bat gehitu kremari zerbitzatu aurretik. Guztia ondo nahastu.
  • 4. 
    Beste aukera bat, krema zerbitzatu aurretik, kalabaza zatitxo txikiak plantxan egin olio eta gatz apur bataz. Kalabaza zatitxo hauek kremagaz batera zerbitzatu.
    Beste alde batetik, baratzuriagaz olio errea prestatu eta kremari gainetik bota.
    Guztia nahastu eta prest kalabaza krema gozoa dastatzeko.

Argazki galeria