Juantxuren bakailau entsalada

Juantxu Larruzea bizkaitar sukaldariaren Juantxu jatetxean plater famatua bakailau entsalada zen. Garaiko gastronomia ikastaroan Juantxuk erakutsi zizkigun bere entsaladaren sekretu guztiak. Animatu zaitezte prestatzen. Zoragarria eta osasungarria!.

Osagarriak

  • 500 gr bakailau azpizuna gezatua
  • 2 tomate
  • 50 gr baba berde txikia
  • Anana laurden bat
  • Letxuga mota ezberdinak
  • Eskarola
  • Olioa
  • Ozpina
  • Gatza
  • Ahuakate erdia
  • Piper gorri laurdena
  • Piper berde laurdena
  • Tipula txuri baten laurdena
  • Arrautz egosi erdia




Pausuak

  • 1. 
    Bakailau azpizun gezatua egosten jarri uraz beteriko lapiko batean. Urak aparra ateratzen hasten denean, irakiten hasi aurretik sua kendu. Ur bero horretan bakailaua 4 minutuz eduki. Ondoren, bakailau azpizuna erretilu batera atera. Bakailaua ez da asko egin behar. Bere puntuan atera behar da uretatik. Ostean, sikatu egiten da.
  • 2. 
    Bakailaua zatitu. Eskuz erraza da zatiak ateratzea. Bakailau haragiaren forma jarraituz erraza da lauzatxoak ateratzea. Bakailaua gorde.
  • 3. 
    Ondoren, anana eta tomatea kubotxoetan zatitu. Anana eta tomateari baba berde txikiak gaineratu eta gorde.
  • 4. 
    Entsalada antolatu:
    Entsalada prestatzeko metalezko uztaitxoa erabiliko dugu. Hasieran tomatea, anana eta baba berdeen nahasketaren koilarakada bat jarriko dugu.
    Ondoren, ozpin-olioz gozatutako letxugen nahasketa apur bat.
    Azkenik, bakailau zatitxoak jarriko ditugu gainean.
    Uztaia kendu, eta prestatutako ozpin-olio saltsa bereziaz bustiko dugu entsalada.
  • 5. 
    Ozpin-olio saltsa prestatzeko: ahuakatea, piper berde eta gorria, tipula eta arrautza egosia ondo txikitu. Katilu batean hauek jarri eta olioa eta ozpina gaineratu. Olioa beti ozpinaren kopuru bikoitza botako dugu. Gatza eta piperraz ondu eta probatu.
  • 6. 
    Bukaeran, nahi izanez gero, porru eta azenario zatik egindako makiltxoekin apainduko dugu bakailau entsalada. Porru eta azenario zatiak tenpuraz zartaginean frijitu eta entsalada ondo lagundurik izango dugu.

Argazki galeria