Bizkaitar saltsa

Bizkaitar saltsa euskal gastronomiaren saltsarik ezagunenetakoa dugu. Aukera handiak eskaintzen ditu saltsa xume honek. Bizkaitar saltsaz lagunduta tripakiak, bakailaua, txerri muturrak, txerri hankak, eta karakolak prestatzen dira, besteak beste.

Animatu zaitez prestatzen. Ez da zaila eta etxean egindako saltsa zoragarria da.

Osagarriak

  • 5 koilarakada oliba olio
  • Berakatza 5 ale
  • 2 litro salda
  • Haragi-salda egiteko pastila
  • 15 piper txorizero
  • Ogi siku zati bat
  • Edalontzi bat ardo txuri
  • 2 tipula txuri
  • 2 tipula gorri
  • Perrexila sorta
  • Piper beltza
  • Gatza

  • Zailtasuna Erdi mailakoa
  • Denbora Ordu bat eta 45 minutu
  • Anoak 15 lagunentzako



Pausuak

  • 1. 
    Tipulak zati handita txikitu. Lapikoan 5 koilarakada oliba olio bota eta sutan jarri. Olioak tenperatura hartzen duenean txikitutako 4 tipulak bota eta astiro-astiro noizean behin mugitzen tipula oliotan sueztitu. Bertara berakatza zurituta gehitu.
  • 2. 
    Tipula egin bitartean, beste lapiko batean piper txorizeroak ur hotzetan jarri eta irakin. Irakiten dutenean harraskan ura kendu, eta berriro ere ur hotzagaz sutan irakiten jarri. Prozesua hiru aldiz burutuko dugu. Modu honetan, piper txorizeroak hidratatu egingo dira.

     

  • 3. 
    Tipula ondo sueztitzen denean, hidratatu ditugun piper txorizeroak bertara botako ditugu. Ondoren, perrexil sorta botako diogu baita ere. Barazkiak ondo nahastu, eta lapikoan bueltaka mugituko ditugu zaporeak bat egiten joateko.

     


  • 4. 
    Ondoren, edalontzi bat ardo txuri botako diogu nahasketari, eta nahasten jarraituko dugu. Une honetan perrexil sorta lapikotik aterako dugu.
  • 5. 
    Jarraian, zati txikitan edo birrindurako ogi sikua botako dugu lapikora. Ogi birrindua bada, hiru koilarakadekin nahikoa izango dugu. Ogi sikuak saltsa loditu eta ilundu egiten du.
  • 6. 
    Osagarri guztiak nahasten direnean, piper txorizeroak egosten erabili dugun azken ura gaineratuko diogu. Gutxi gorabehera bi litro ur. Ur honi haragi-salda egiteko pastila botako diogu. Honen ordez, barazki-salda edota gordeta dugun haragi-salda bota ahal diogu. Etxe batzuetan, pernil hazurragaz egindako salda erabiltzen da baita ere. Aukerak anitzak dira.

     

  • 7. 
    Barazkiak eta salda ondo nahastu koilararekin eta egosten jarri su txikian ordu bat eta hogei minutuz. Egosten duen bitartean, bitsa eta aparra aterakozaio saltsari. Aparra burruntzali bategaz kenduko diogu.
  • 8. 
    Ordu eta hogei minutuz egosten pasa ondoren, saltsa irabiatu eta iragazkitik pasako dugu fin-fin geratzeko. Bukatzeko, saltsa probatuko dugu. Gatzaz eta piperraz onduko dugu, bere puntua izan dezan. Momentuan prest izango dugu saltsa edozein errezetatan erabiltzeko, baina bizkaitar saltsa biharamunean  gozoagoa egoten da.

     

Argazki galeria