Indusi, Saibigain eta Urkiolatik zehar mendiko bizikletaz egin daitekeen ibilbidea da hau, Otxandiotik irtetzen dena.
Otxandiok paraje ikusgarrietatik kirola egiteko aukera eskaintzen dute, tartean, Urkiola Natur Parkea gurutzatzen duena.
Hemen Ibilbideetako bat proposatzen dugu, Otxandioko plaza abiapuntu duena. Erreka albotik doan bidegorria jarraituko du txirrindulariak, Mekoletako bidegurutzeraino. Altunganeraino eragin beharko die pedalei, futbol zelai paretik pasatzen den pista hartuta.
Hurrengo urratsa Eguskin auzoraino jaistea izango da. Gero Urrekoatxa mendateraino joango da. Ailegatu orduko, Indusira eroango duen pista bat hartuko du bizikletariak. Indusi auzoa zeharkatu, eta goranzko zati gogor bati ekin beharko dio orduan.
Pinudi bat igaro eta pistatik aurrera segituko du txirrindulariak, Errialtabasoren behealdetik. Bide horretatik jarraituta, Saibigain mendia inguratuko du.
Urkiolatik etxera
Saibigainetik beherantz jo, eta Urkiolara helduko da txirrindularia. Atseden hartzeko leku aproposa izan ahal da; paisaje ederrean, gainera. Urkiolako santutegiaren atzetik pista hartu, eta Otxandiora joatea izango da ibilbideko azken pausoa. Lehenengo ,apur bat gora egitea eskatuko du ibilbideak, baina gero beheranzkoa izango da Otxandioko herrira iritsi arte.
Iturria: Anboto