Oiz Egin

TEL. 94 620 36 11
info@oizegin.com



ELORRIOKO BERRIOZABALETA AUZOA

Berriozabaleta iturria Elorrion Berriozabaleta iturria Elorrion Oiz Egin

Elorrio landa auzo ugari ditu. Hauetako bat, eta nahiko ezezaguna Berriozabaleta auzoa da. Berriozabaletako lekurik ezagunena iturri ikusgarria da, auzoan jaiotako indiano baten laguntzagaz egina; amerikanoak hainbat berrikuntza ekarri zizkion bere garaian auzoari.

Auzo txikia da Berriozabaleta. Eguzkia argitzen duenean, lainorik gabeko egunetan, Anbotoko mendizerra, eta Oiz mendiaren islada ikus dezakegu.

Berriozabaletara Berrizko bidetik iritsiko gara.  Leiz auzoa igaro eta ezkerretara.  Auzo oso lasaia da. Ikustekoak dira bertako iturria eta Santa Katalina baseliza. Biak bertan jaio zen Manuel Plazido de Berriozabalbeitiak (Elorrio 1775 - Madril 1850)  eraikitzea agindutakoak dira. Sorterriko auzoari egin zion opari ederra. Manuel Plazido auzoko Berriozabalbeitia baserrian jaio zen eta Peruko Administraria izan zen. Iturria 1833an eraiki zen.

Iturri neoklasikoa da hau, figura geometrikoetan oinarrituta.

Manuel Plazido etxeko bigarren anaia izan zen. Bizimodua aurrera ateratzeko Andaluzia aldera joan zen. Handik ibili ostean, kanpora jo zuen, eta Peruko administrazioan egin zuen behar. Ameriketatik bueltatu zenean, 1828an, Madrilera joan zen bizi izatera eta ministro beharretan ibili zen, baina Elorriogaz hartu-emana mantendu zuen.

Berriozabaletan, anaia nagusiak mesede bat eskatu zion; bigarren semearentzako etxe bat egitea, familian eztabaidarik ez egoteko. Etxea egiteaz gainera, Manuel indianoak auzoko bizimodua hobetzeko garbilekudun iturria zein Elorriora eta San Agustinera joateko galtzadak ordaindu zituen.

Galtzadak auzoko lehen etxera heldu aurretik, ezkerretara daude. Bide bakarra da hasieran, eta gero bidegurutzea dago Elorriora eta San Agustinera. Bidegurutzearen inguru hori Dantzaleku deitzen diote.  Izen hori hartu du auzokideen elkarteak.

Berriozabalbeitiak, obrak ordaintzeaz gainera, obrak mantentzeko ilobari baserri bat utzi zion, Zeleta, hark errentan emateko. Errenta haren fruituekin ordaindu ziren urte askoan mantentze lanak. 1945 urtera arte aguazila arduratzen zen Berriozabaletako mantentze eta konponketa lanak egitea.

Ermita, auzoko elkargunea

Aurten, baselizan konponketa lanak egitekotan dira Berriozabaletako auzokideak. Leihoak eta atea konpontzeko auzolanean ibiliko dira. Teilatuak ere berrizteko premia du. Horretarako, enpresa baten laguntza izango dute. Auzoko jaietarako konponduta egotea espero dute. Jaietarako zabaltzeaz gainera, ermita afarietarako eta umeen txokolatadetarako ere erabili ohi dute. Santa Katalina jaiak azaroaren 25ean edo hurrengo domekan ospatzen dituzte Berriozabaletan. Gaztaina-jana eta dantzariak izaten dituzte, besteak beste. Txitxiburduntzi eguna eta San Juan eguna ere ospatzen dituzte auzoan. Auzokideek 2007an Dantzaleku elkartea sortu zuten, auzoko arazoak, eskaerak eta baseliza, iturria eta bideen zainketa bultzatzeko.

Informazio iturriak: www.anboto.org ; Bizkaiko Foru Aldundia Ondarea

logooiz

Agenda

Ekaina 2019
A A A O O L I
27 28 29 30 31 1 2
3 4 5 6 7 8 9
10 11 12 13 14 15 16
17 18 19 20 21 22 23
24 25 26 27 28 29 30
Gertakaririk gabe

Ibilbideak

Udalerria

Eskualdea

Buletina

Eguraldia