Oiz Egin

TEL. 94 620 36 11
info@oizegin.com



Izurtza

Izurtza Durangaldeko udalerri txikia da, Urkiolako Natur Parkearen atarian kokatuta dagoena. Izurtzatik BI-623 errepidea igarotzen da.

Izurtzatik Urkiola Natur Parkeko haitzen ikuspegia sekulakoa da. Mugarra eta Untzillatz mendi erraldoien gerizpeek zaintzen dute Izurtza goi-goitik. Izurtza udalerria Elizalde herrigune txikiak eta hiru landatar auzo ederrek osatzen dute: Bitaño, Ortuzar eta Etxano.

Izurtzako lurretan industria guneak zabaldu dira azken hamarkadetan. Hala ere, Izurtza herri txiki eta baserri girokoa da. Etxebizitza gehienak baserriak dira, eta bertan oraindik ere nekazaritza eta abeltzaintza lantzen dira. Izurtzako baserrietan kalitate handiko bertako produktuak ekoizten dituzte izurtzarrek: esnea, okela, barazkiak, ogia, eta artzain gazta, besteak beste.

Izurtza herri arteko igarobidea da. Ondorioz, herri bizia da, mugimendu handikoa. Izurtzako pilotalekua Bizkaiko luzeenetakoa da. Frontoi hau pilota zaleen topalekua da, bertan pilota partidua jolastu eta gero bertan armosua hartzeko.

Izurtzako ondarea berezia eta aberatsa da. Herri txikia izan arren, historian garrantzia izan duena. Horren testigantza Izurtzako ondare historiko artistiko oparoa da: dorretxeak, jauregiak, elizak, baselizak, antzinako baserri sendoak, errotak, besteak beste. Hauen guztien artean nabarmentzekoak dira Etxaburu eta Bekotorre XV. mendeko dorretxeak, Bariko San Nikolas eliza (XVI), Arana jauregia (XIX), eta Lejarza, XVI. mendeko errota eta burdinola.

Bizkaiko gainerako herribilduak lez, Izurtzako historia Bizkaiko Lautadaren lurraren sorreran kokatzen da. Izurtzako herribilduak Erdi Aroan Abadiñoko Gerediagako Batzarretan parte hartzen zuen, eta Durangaldeko Merinaldearen parlamentuan 11. eserlekua zuen, bai eta boto eskubidea ere.

Izurtza, Durango eta Mañaria artean kokatzen denez, bertako herritarrak bertan bizitzen geratu ohi dira, Durangotik gertu baitago.

Izurtzak merezi du bertara joan eta bisita bat egitea. Landatar auzoetan osteratxoa burutu, baselizak bisitatu, naturaz gozatu, beharbada Urkiola Natur Parkera gerturatu; eta ondoren, Elizalde auzoan mokaduren bat hartu bertako tabernetan.

 www.izurtza.net

Argazki galeria

logooiz

Agenda

Apirila 2019
A A A O O L I
1 2 3 4 5 6 7
8 9 10 11 12 13 14
15 16 17 18 19 20 21
22 23 24 25 26 27 28
29 30 1 2 3 4 5
Gertakaririk gabe

Buletina

Eguraldia