Oiz Egin

TEL. 94 620 36 11
info@oizegin.com

Jose Luis Gomez:" “Mahastietatik salmentara prozesu guztia zaintzen dogu”

Jose Luis Gomez Kerejeta Elizalde upategian Jose Luis Gomez Kerejeta Elizalde upategian Oiz Egin

Jose Luis Gomez Kerejeta elorriarra da. Elizalde Upategiaren jabea eta Mendraka Bizkaiko Txakolinaren ekoizlea. Mendraka auzoko Elizalde Upategian hartu gaitu Mendraka Txakolinaz berba egiteko, baita bere eguneroko beharraz jarduteko.

Jose Luis Gomez Kerejeta eta bere familia Elorrioko Elizalde baserrian sortutakoak dira. Elizalde baserria XVI. mendeko harrizko baserri ikusgarria da. Jose Luisen familia Elizalden bizi dela mendeak igaro dira. Lur hauekiko lotura sentitzen du, baina ez da iraganean bizi. Etorkizunera eta berrikuntza gertutik bizi den ekoizlea da Jose Luis.

90ko hamarkadan Elizalde Upategian Mendraka txakolinaren ekoiztetxea sortu zuten Jose Luis eta familaik. Bizkaiko txoko hau toki magikoa da. Elorrioko Mendraka auzoan dago, Santo Tomas ermitaren ondoan eta Argiñetako Nekropolitik gertu. Mendrakako muinotik Durangaldeko mendien ikuspegi ederraz goza dezakegu .

Nola murgildu zinen txakolina ekoiztearen abenturan?

1990. urtean etxekook baserriakaz zer egin aztertu genuen. 1992. urtean txakolina egitera ausartu ginen. Hasiera batean hektarea erdia bakarrik landatu genuen. Lehenengo froga ondotxo atera zenez, apurka-apurka aurrera egin dugu. Upategia 1996an eraiki genuen. Momentu honetan baserria autonomoa da eta bertan 2 lanpostu sortu ditugu. Gaur egun 5 hektareako mahastia dugu Elizalden, eta beste hektarea eta erdi Elorrioko beste bi ekoizleen produkzioari esker. Haiek mahatsa saltzen digute gu Mendraka Txakolina ekoizteko.

Zenbat litro txakolina ekoizten dituzue urtean?

Aurten 6 hektarea eta erdian 60.000 kilo mahats lortu ditugu eta handik 30.000 litro txakolina ekoiztu ditugu. Gure gorena 40.000 litrotan dago. Gure upategia produkzio txikikoa da eta ez dugu 40.000 litro txakoli gorako produkzioa izan nahi. Upategiak ez baitu gehiago ematen.

Litro bat txakolina lortzeko zenbat mahats kilo behar izaten dira?

30.000 litro txakolina lortzeko 60.000 kilo mahats beharko lirateke. Mahats kilo bataz 0,63 l. txakolina lortzen da. Kilo mahats pasatxo behar da 0,75 zl. botila lortzeko.

Txakoli ekoizle batentzat urtea nola banatzen da?

Urtea hasierarekin batera inausaldia hasten da. Hostoen %50 jauzi ondoren xirmenduak kimatzen hasten gara, martxoaren hasierarako inausketa bukatuta egon behar da. Mahastiei xirmendu zaharrak moztu egiten dizkiegu. Gaitzik gabeko urtea bada, xirmenduak birrindu eta ongarritzat erabiltzen ditugu. Aldiz, gaitzez jotako urtea izan badugu, xirmenduak erre egiten dira. Ondoren, udaberri aurretik mahatsondoei euskarri berriak jartzen dizkiegu. Udaberriarekin batera, lehen urtadarrak ateratzen dira eta gehiegizkoak kentzen dira. Maiatza aldera loraldia ematen da. Momentu honetan mildiu beldurgarriaren aurkako botika botatzen dugu. Uda partean soberan diren hostoak kentzen ditugu. Honela mahats-mordoak eguzkia hartzen dute eta aireberritu egiten dira. Bukatzeko, heldutasun momentu egokian, iraila edo urrian mahats-bilketa burutzen dugu.

Zein da mahatsaren areriorik gogorrena?

Gure etsairik gogorrena mildiua da, mahatsen gaitza. Mahats-aleei erasotzen dien onddo suntsitzailea da. Urtean zehar mildiuaren aurkako botika botatzen diogu. Mildiuaren arazorik handiena loraldian izaten da. Mahatsaren loraldia ematen denean, maiatzaren bukaeran edota ekainaren hasieran.

Mahats bilketa ondoren, nolakoa da upategian beharra?

Iraila edota urrian mahats-bilketa egiten dugu. Ondoren, mahatsa sakatu, mostoari atsedena eman, lohiak garbitu, hartzitzen utzi, mostoa iragazi, atsedena hartu berriro ere eta bukaeran ardoa prest botilan sartzeko. Gero, lan komertziala burutu eta azkenik txakolina saldu.

Mendraka Txakolinaren botila bakoitzak zer gordetzen du?

Botila bakoitzak kalitate handiko txakolina du. Horretaz gain, txakolina hori lortzeko lan izugarria, izerdi handia eta satisfazio handia gordetzen du baita ere. Guk egindako lehenengo txakolinaren lehen botila zabaldu genuenean poztasuna eta betetasuna izugarria sentitu genuen. Mendraka Txakolina ekoiztea ez da guretzat produktua ekoiztea bakarrik. Guk ziklo osoa betetzen dugu. Lurra lantzen dugu, mahatsondoak zaindu eta prestatu, mahatsak eskuz jaso eta ondoren upategian txakolina lortzen dugu. Mahatsondoa landatzetik salmentara arteko prozesu guztia dugu esku artean. Guztia guk burutzen dugu Elizalde baserrian, salmenta zuzena barne. Horrek txakolinarekiko poza eta barru-estimu handia sortzen du.

Zertan da berezia Mendraka Txakolina?

Mendraka Txakolina Bizkaiko Txakolina da, Jatorri Izendapena duen txakolina. Mikel Garaizabal gure enologoak gure txakolinak garraztasun puntua duela esaten du. Gaur egun ohitura zabalduda ekoizleen artean txakolinari berezkoa duen garraztasuna kentzeko. Guk txakolinari garraztasun ukitu hori mantentzen diogu. Gurea txakolina berezia da. Lehenik eta behin, 300 metrotik gorako mahastietan sortutako produktua delako. Mendi nekazaritzan ekoiztutako produktua da. Horregatik, mahatsa beranduago biltzen dugu eta horrek gure txakolinari ezaugarri berezia ematen dio. Elizaldeko landetan mikroklima berezia dugu, Elorrion baino epelagoa dena. Gure mahastegiek hegoaldera ematen dute, eta eguzkia egun osoan izaten dugu. Etxean egindako produktua da Mendraka txakolina, mimo handiaz egindakoa, artisau teknikak zein teknologiak berriak erabiliz ekoiztutako produktua. Mahaian arrainak eta itsaskiak laguntzeko egokia.

Nola burutzen duzue produktuaren salmenta?

Mendraka txakolinaren salmenta gehiena zuzenean egiten dugu. Gure betiko bezeroak ostalaritza sektorekoan lan egiten dute. Dendetara saltzen dugu baita ere. Gainerakoa Elizalden bertan, ferietan eta azoketan salmenta zuzenaren bitartez saltzen dugu. Azken urteetan Internet bideko salmenta burutzera animatu gara.

Nola ikusten duzu upategiaren etorkizuna?

Upategia ez dugu handituko. Momentuz gure produkzioa errentagarria da eta ez dugu alferrikako arriskurik hartu gura. Merkatua ezegonkorra da eta krisia gogorra bizi dugu. Orain arte bezala jarraitzea gure neuke, 40.000 txakoli litro ekoiztu, lanean gogotsu jarraitu eta erronkak bete. Gure erronkarik zailena estatu mailan eta nazioartean salmentak indartzea da. Bestalde, upategian bisitak ugaltzea gure neuke. Gaur egun aldez aurretik hitzartutako bisitak izaten ditugu. Arlo turistikoa indartzea eta upategian dendatxo bat sortzea gustatuko litzaiguke gure lana ezagutzera emateko.

Argazki galeria

Produktuak

Jatetxeak

Ondarroako Batzokia

Ondarroako Batzokia

Ondarroako Batzokia Sabin Etxaburu sukaldariak zuzentzen du. Jatetxe honek sukaldaritza…

Mahaiganeko Jatetxea

Mahaiganeko Jatetxea

Mahaiganeko Jatxetxea Mendexako plazan. Argoitz San Martin sukaldari gazteak zuzenduriko…

Saltsan Katerin Durango

Saltsan Katerin Durango

Katerin zerbitzu zabala eskaintzen duen ostalaritza enpresa. Durangoko Kurutziaga kalean…

Kob´s Gastrobar

Kob´s Gastrobar

Kob´s Gastrobar berria Durangon. Durangoko Kobika Jatetxearen sarreran. Goi mailako…

Plateruena Kafe Antzokia

Plateruena Kafe Antzokia

Plateruena Kafe Antzokiak ostalaritza zerbitzu on bat baino gehiago da.…

logooiz

Agenda

Apirila 2019
A A A O O L I
1 2 3 4 5 6 7
8 9 10 11 12 13 14
15 16 17 18 19 20 21
22 23 24 25 26 27 28
29 30 1 2 3 4 5
Gertakaririk gabe

Buletina

Eguraldia