Ekoizlea: Sonia Isasi Salterain
Produktuak: Ortuariak, barazkiak eta frutak.
Helbidea: Trazaola baserria. Fauste auzoa. 48215. Iurreta. Bizkaia
Telefonoa: 685 71 60 44- 94 681 60 44
Sonia Isasi emakume gaztea eta ekintzailea dugu. Iurretako Trazaola baserrian sortua, izugarri maite du baserriko bizimodua eta bertan beharra egitea.
Soniak, bere ama Mari Carmenen lagun duela, garaian garaiko frutak eta barazkiak ekoizten ditu. Ondoren, salmenta zuzeneko plaza, merkatu eta azoketan saltzen ditu berak ekoizturiko kalitate goreneko produktuak.
Soniaren barazkiak eta frutak etxekoak, naturalak eta beti freskoak dira. Heldutasun une egokian jasotakoak, eta zuzenean azokara eramandakoak. Baserritik azokara, garaian garaiko produktuak eskainiz: intxaurrak, kiwiak, kakiak, marrubiak, mota askotariko sagarrak, indaba gorriak, ilarrak, azak, azaloreak, brokolia, piperrak, artoa, porruak, letxugak, besteak beste. Barazki guztiak dira bezeroen artean preziatuak, baina Isasitarren indabak eta intxaurrak, sona berezia dute eskualdean.
Lan eskerga suposatzen du gaur egun baserritik bizitzea, baina Soniak tinko eusten dio bere ametsari, bertako produktu ederrak ekoizten eta saltzen.
Trazaola baserrian Trazola Bizkaiko Txakolina eta Trazola Bizkaiko Sagardoa ekoizten dira baita ere. Trazola Txakolina eta Trazola Sagardoa etxean hazitako mahats eta sagarrekin ekoizten da, gehien bat. Euren txakolina eta sagardoa ekoizteko Bizkaiko produktua erabiltzen dute soilik. Azokara joaten direnean barazkiak, frutak, etxeko sagardoa zein txakolina izaten dute Isasitarren postuan salgai.