Oiz Egin

TEL. 94 620 36 11
info@oizegin.com



Arantza Zubia ortuzaina

Arantza Zubia azokan produktuak saltzen Arantza Zubia azokan produktuak saltzen Oiz Egin

Ekoizlea: Arantza Zubia

Produktua: Barazkiak eta fruituak.

Helbidea: Agarre Baserria. Berano Txiki Auzoa. 48260. Mallabia. Bizkaia

Telefonoa: 943170093 - 659 68 42 09

Arantza Zubia eta bere familia Mallabiko Agarren baserria dute euren bizi eta lantokia. Mallabiko Berano Txiki auzoko Agarre baserrian ekoizten dituzte euren barazki eta ortuari ederrak. Uriarte Zubiatarrek izugarri maite dute baserria eta baserriko  bizimodua. Amamaren garaiko jakintza eta gaur eguneko ezagutzak uztartuz, garaian garaiko produktu ederrak ekoizten dituzte, lurra zainduz.

Arantza Zubiaren etxeko baba gorriak fama handia dute eskualde osoan. Hala ere, baba gorriak ez dira Mallabiko Agarren ekoizten diren produktu bakarrak. Arantzaren produktuak beti freskoak izaten dira, heldutasun une egokian jasotzen dituzte barazkiak etxeko ortutik. Arantzak ortuariak zuzenean saltzen ditu berak merkatu eta azoketan.

Arantzak baserrian Jose senarra eta Maider alabaren laguntzaz aritzen da beharrean. Azokara jeisteko garaian, Maider alaba izaten du bidelagun. Arantza Zubiaren postuan urteko sasoi desberdinetan produktu ugari topatuko ditugu: baba gorriak, txuriak eta baltzak, letxugak, porruak, zerbak, lekak, azak, azaloreak, azenarioak, patata, kalabaza, piperrak, tomateak, brokolia, tipula, tipulina, eta berakatzak, besteak beste. Barazkiez gain, fruta ederrak ere saltzen dituzte azoketan: bertako intxaurrak, kiwiak, eta sagarrak.

Arantza Zubiari bere produktuez berba egiterakoan maitasun handia somatzen zaio hitzetan: "Gure produktuak etxekoak eta naturalak dira. Norberak izugarri gustuko ditu baserria eta ortua. Etxerako egingo bagenitu bezala ereiten ditugu. Kapritxora. Eskuz, eta gustu handiz ekoiztutako barazkiak dira gureak, ongarri naturala erabiliz".

Baserria eta nekazaritzarekiko maitasuna ez dute falta Arantzaren etxean, baina beldur dira etorkizunean baserritik bizitzea posible ote den. Maider alabak amaren urratsak jarraitu gura ditu, baserrian eta baserritik bizitzea. Baina Maiderrek, oso gaitza ikusten du baserritik bizitzea. "Pena handia emoten dau hainbat tokietan baserriak eta ortuak galtzen ari direla ikusteak. Etorkizunean gure umeek baserriko mundua eta paisajea ez dute ezagutuko ortuak eta baserriko lanari eusten ez badiogu. Baina egun baserriko lanetik bizitzea oso zaila da. Herrietako azoketan ez da hainbeste jenderik ibiltzen. Galtzen ari da bertako produktuak erosteko ohitura, eta pena handia da".

Arantza Zubia hainbat plaza eta azoketan topatuko dugu. Larunbat goizetan  Durangoko Merkatu Plazan, astelehenetan Gernikako plazan eta eguenetan hamabostero Iurretako merkatuan topa dezakegu. Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat azoka berezietan parte hartzen du Arantzak baita ere.

Argazki galeria

logooiz

Gertakaririk gabe

Ekoizleak

Ekoizlea

Produktua

Buletina

Eguraldia