Oiz Egin

TEL. 94 620 36 11
info@oizegin.com



Lea Artibaiko Urriko Azoka Nagusia Markinan urriak 8an

Lea-Artibaiko Urriko Azoka nagusia Markina-Xemeinen Lea-Artibaiko Urriko Azoka nagusia Markina-Xemeinen Lea-Artibai LGA

Lea-Artibai Landa Garapenerako Alkartearen eta Lea-Artibai eskualdeko udalerrien eskutik, Markina-Xemeingo udalerrian XXXIV Lea-Artibaiko Urriko Azoka Nagusia ospatuko da datorren urriaren 8an. Lea-Artibaiko eskualdean urtean antolatzen den Abeltzain eta Nekazal Azoka garrantzitsuena dugu honako azoka hau. Aurten giro jator eta herrikoia izango da nagusi berriro ere Markinako kaleetan azoka hau Lea-Artibaiko baserritar zein bizilagunentzat ospakizun gune eta adiskideen topaleku aparta izaten baita.

Urriak 8an Markina-Xemeineraino gerturako diren azokazaleek Lea-Artibai eskualdeko baserriko produktuak erosteko aukera izango dute. Ekoizleak euren produktuen ezaugarriak eta euren beharraren berri emango diete erosleei aurrez aurre. Markina-Xemeingo Urriko Azokan erosgai egongo diren produktuak barazkiak, frutak, Idiazabal gazta, eztia, baserriko ogia, baserriko gozoak, arrain kontserbak, sagardoa, txerrikiak, ahatekiak, txakolina, eta barazki kontserbak, eta artisauen lanak izango dira, besteak beste.

Bestalde, eskualdeko abeltzainek euren ganadu buruak erakusgai izango dituzte animalien gunean.

Lea-Artibaiko abeltzainak

Behiak: 17 abeltzain eta 68 buru inguru

Idiak: 2 Abeltzain eta 4 buru

Zaldiak: 7 abeltzain eta 32 buru inguru

Ardiak: 7 abeltzain eta 126 buru

Aurten, Urriko Azokan Euskal Herriko Blond/Akitania arrazako Euskal Herriko III biga Txapelketa egingo da . Bertan Iparralde eta Hegoaldeko 21 baserrietatik eramango dira zazpi ataletan banatuko diren 70 biga blondak.

Aurtengoa hirugarren edizioa izango da, aurreko biak Iparraldeko Heleta herrian antolatu izan dira, baina aurtengoa Hegoaldera ekarri nahi izan dute.

Txapelketa goizeko 10etan hasiko da Markina-Xemeingo Ferialekuan eta animaliak adinaren arabera zazpi ataletan banatu eta lehiatuko dira. Ondoren sari bereziak ere aukeratuko dira, Txapelketako Biga Txapelduna, zerra onena eta Herrialde Txapelduna, azken honetan Lapurdi, Behenafarroa, Bizkaia eta Gipuzkoako taldeak parte hartuko dute.

Behi, idi, zaldi eta ardiez gain, bertatik bertara Euskal Herriko arrazetako hainbat abereen erakustaldia izango da. Azokak izango dituen sektore desberdinetan gainera, artisau produktuak eta baserri tresnak salgai eta erakusgai izango dira.

Aurten nobedade modura, Idiazabal gazta, Bizkaiko txakolina, Bizkaiko sagardoa eta Baserriko ogiaren kata eta lehiaketak izango dira eguerdiko 12:30tatik aurrera. Gerturatzen diren azokazaleek megafonia bidez epaimahaiaren azalpenak eta produktuak kontsumitzeko gomendioak entzuteko aukera izango dute.

Beste nobedade bat Karmengo plazan izango da, motozerrarekin egur eskulturak egingo dituen aditu bat izango da. Ondoren motozerren lehiaketa bat ere egingo dute egurrak ebakitzen.

Bertsolarien eta trikitilarien kalejirak eta doinuek giroa alaituko dute azoka guneetan. Bertsolariek eguerdiko 12:00ak aldera udaletxeko balkoitik kantatuko dute.

Azoka goizeko 10:00tatik arratsaldeko 17:00ak arte izango da zabalik.

Markina-Xemeinera hurbilduko den jendeari gune aproposa prestatu diogu eguna igarotzeko. BBK/Kutxabank Gizarte Ekintzaren Sailak 58 stand jarriko ditu ekoizleek salmenta zuzena egiteko. Guztira 33 dira herrira hurbilduko diren ekoizleak euren produktuak zuzenean saltzeko, besteak beste:

• 5 Gaztagile (ardi, ahuntz eta behi gaztak).

• 7 Ortugile/frutagile

• Arrain kontserben ekoizle bat.

• Garagardogile bat

• Gilda ekoizle bat.

• 4 Okin.

• 4 gozogile.

• Ahate produktuen ekoizle bi.

• Eztigile bi.

• Baserriko Hanburgesen ekoizle bat.

• Baserriko okela

• Txerrikietan bi ekoizle.

• Sagardogile bi.

• 3 Txakolin ekoizle.

• Mermelada eta Barazkien kontserba ekoizle bi.

• Loreen Mintegi hiru.

Horretaz gain, azoka gunean artisauek, baserri tresnen saltzaileak eta elkarte batzuek ere beraien produktuak izango dituzte erakusgai eta salgai.

• 17 artisau (Euskal pilotak, zeramika lanak, larrua, egurra, bitxiak, harria, zesteru lanak, artilea.....)

• 6 saltzaile Baserri Tresna, makila eta behientzako tresneria arloetan.

• IZARBIDEAN elkartea.

• ZABALTZEN-SARTU elkartea.

Azoka honen antolakuntza aurrera eramateko BFAko Nekazaritza saila, BBK/Kutxabank eta Lea-Artibaiko eskualdeko udalerrien diru laguntzak jasotzen ditugu.

Lea-Artibai Landa Garapeneko Alkarteak aipamen berezia egin nahi die antolakuntza aurrera eramateko lan eskerga egiten dute eragile guztiei: Udaletako brigadak, herriko bolondresak aurreko egunetan eta bereziki egun horretan egiten duten lanagatik.

Informazio honekin batera, Lea-Artibaiko Urriko azoka nagusira etortzeko gonbita helarazi nahi dizuegu. Eguraldiak lagun, egun zoragarria izan dezagun.

logooiz

Agenda

Ekaina 2019
A A A O O L I
27 28 29 30 31 1 2
3 4 5 6 7 8 9
10 11 12 13 14 15 16
17 18 19 20 21 22 23
24 25 26 27 28 29 30
Gertakaririk gabe

Buletina

Eguraldia